XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HITZTXULAPIKO

Mahatserria? Zer da hori ba?

-Mahatserriko aldizkaria? Mahatserria? Zer da hori?

-Ez dakizu? Tira! Naturala da, gaztea zara eta. Azalduko dizut.

Begira, kanpoko norbaitek nongoa zaren galdetzen badizu, bilbotarra esango duzu seguruenik, eta gehiago jakin gura izanez gero Begoñakoa, Txurdinagakoa, Santutxukoa, Boluetakoa, Otxarkoagakoa, Arabellakoa edo beste auzo batekoa esango duzu, zeurea.

Baina, beharbada ez dakizu auzo hauetako guztietako biztanleak XX. mendera arte ez zirela bilbotarrak, ez, hau guztia beste herri bat zen, udaletxe eta guzti. Badakizu zein?

-Mahatserria?

-Ez, La Salvetik hasita eta Etxebarrirainoko eremu guztia, Bilboko alde zaharra eta ingurua kenduta, Begoñako elizaurrea edo errepublika zen. Bilbok anexionatu ate udalerri independientea zen Begoña.

-Ene! Ez dut jakin bada! Eta Mahatserria zer da orduan?

-Mahatserria Begoña da, eta bertakoei mahatsorriak esaten zitzaien.

Begoñan txakoli ugari eta ona egiten zela dirudi, eta hortikxe ei dator ezizena. Izan ere, mahatsorri gehienak baserritarrak ziren, eta euskaldunak, bilbotarrak ez bezala.

-Tira! Baina horiek lehengo kontuak dira. Gaur egun jende gutxik dakizki. Eta lehengo Begoñako auzo bakoitzak bere bizitza dauka, eta independienteak dira guztiz.

-Bai, egia da. Eta aldizkariaren helburua ez da lehengo Begoñaren independentzia eskatzea, edo planteatzea ere ez. Gure helburua auzo hauetako jendearen artean bertoko informazioa eta jendearen berri ematea da, zeren, zuk esan duzun legez, auzo bakoitzak bere bizitza dauka, eduki, eta bizitza hori guztia ez da zoritxarrez ia inon isladatzen, eta horixe behar dugu, gure ustez, bertokoa kontatzen duen hedabide bat. Mahatserriko informazio-aldizkaria.

-Euskaraz dago dena berriz!

-Gu euskaldunak gara, eta euskaraz bizitzeko ahaleginetan gabiltza.